Elikagaiak xahutzearen aurkako lege berria

Elikagaiak xahutzearen aurkako lege berria: aurrerapausoa eta elkartasunerako erronka
Joan den martxoaren 20an onetsi zen Espainian Elikagaiak Xahutzearen kontrako Legea. Neurri hori mugarri bat da elikagaiak alferrik ez galtzeko borrokan. Urtean 1.200 milioi kilo elikagai baino gehiago alferrik galtzen diren herrialde batean, araudi horren bidez murriztu egin nahi da arazo horri loturiko ingurumen- eta gizarte-inpaktua. Horretarako, kontsumo arduratsua sustatzen da, bai eta soberakinak dohaintzan ematea ere.
Duela bi urtetik hona, Gipuzkoako Elikagaien Bankua, Elikagai Bankuen Espainiako Federazioan (FESBAL, gaztelaniazko siglen arabera) bildutako gainerako bankuekin batera, lege horri heltzeko prestatzen ari gara, PlanB egitasmoarekin.
PlanB eraldaketa-proiektu integral bat da, eta alderdi hauek biltzen ditu:
- Plataforma digital bat.
- Emaile eta gizarte-erakundeekin sinatzeko akordio-ereduak.
- Eredu operatibo bateratu bat.
Gaur egun, proiektua aplikatzen hasita gaude Gipuzkoako ekoizpen-industriarekin eta elikagaiak banatzeko kate batekin.
Zer aldaketa ekarri ditu lege berriak?
Araudiak obligazio gehiago ezartzen dizkie elikagaien sektoreko eragileei:
✅ Tabernek eta jatetxeek ontzi birziklagarriak edo berrerabilgarriak eskaini beharko dituzte, bezeroek soberan duten janaria eraman ahal izan dezaten. Horren bidez, normalizatu egin nahi da elikagaiak aprobetxatzeko ohitura.
✅ Supermerkatuak eta elikagai-dendak behartuta egongo dira akats estetikoak dituzten baina egoera onean dauden produktuak saltzera, guztia ere frutak, barazkiak edo beste elikagai batzuk ez daitezen baztertu itxuragatik bakarrik.
✅ Elikagaien sektoreko enpresek —supermerkatuek eta elikagai-dendek, kasu— soberakinak dohaintzan ematea lehenetsi beharko dute, eta akordioak sinatu beharko dituzte gure bankuaren tankerako gizarte-erakundeekin.
✅ Kontsumo-datei arreta handiagoa jarriko zaie, nahasteak saihesteko. Indartu egingo da bi kontzeptu hauen arteko aldea: batetik, kontsumo lehenetsia (adierazitako dataren ondoren seguruak izaten jarrai dezaketen produktuak) eta, bestetik, iraungitze-data (elikagaiak kontsumitzeko egokia izateari uzten dion data).
Neurri horien helburua da hornidura-kate osoan galerak murriztea eta elikagaien balioari buruz kontzientzia handiagoa sustatzea gizartean.
Elikagaien Bankuen funtsezko eginkizuna
Gurearen tankerako elikagaien bankuak funtsezko katebegia gara elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borrokan. Urtean 1.000 tona janari inguru erreskatatzen ditugu, bestela zaborretan amaituko luketenak. Lege berri horrek indartu egiten ditu gure misioa eta proiektua.
PlanB egitasmoarekin —baita gure Azken Minutua programarekin ere—, emaileen eta ongintzako erakundeen arteko lotura sendoa bermatzen dugu, plataforma teknologiko eta humano horren bidez.
🔹 Elikagai gehiago eskuragarri: soberakinak emateko betebeharrarekin, litekeena da jasotzen dugun produktu-kantitatea areagotzea. Albiste bikaina da hori, hari esker hobeto erantzungo baitiogu elikagai-laguntzaren eskaera gero eta handiagoari. Alabaina, ahalegin sendoagoa ere eskatuko digu.
🔹 Logistika eta biltegiratze hobea: Dohaintzen balizko hazkundea kudeatzeko, are gehiago optimizatu beharko dugu biltegiratzeko eta banatzeko azpiegitura. Boluntariotzaren konpromisoaz gainera, PlanB funtsezko tresna da erakundeei ematen zaien zerbitzua arintzeko eta emaileak bazkide trebatu eta fidagarri bat izan dezan.
🔹 Kontzientziazio sozial handiagoa: Lege hau onestea lagungarria izango da gizartea hondakinak murriztearen garrantziaz sentsibilizatu dadin.
Legeaz haratago: nahitaezko mentalitate-aldaketa bat
Araudi berria aurrerapauso handia bada ere, badakigu elikagaiak alferrik galtzearen arazoa ez dela konpontzen legeekin bakarrik. Aldaketa sakona behar dugu elikagaiak ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko moduari dagokionez.
- Enpresek benetako konpromiso bat hartu behar dute hondakinak murrizteko, eta beren produktuak ahalik eta gehien aprobetxatzeko estrategia eraginkorrak aplikatu behar dituzte.
- Supermerkatuek eta jatetxeek ulertu behar dute dohaintza egitea erantzukizun soziala dela, baita aukera bat ere.
- Eta herritar gisa, kontzientzia handiagoz erosten ikasi behar dugu, gure otorduak hobeto planifikatu behar ditugu, eta balioa eman behar diogu gure mahaira iristen den elikagai bakoitzari.
Gipuzkoako Elikagaien Bankuan lanean jarraituko dugu aprobetxa daitezkeen elikagaiak alferrik ez galtzeko, eta bermatuko dugu lege horren bidez babes handiagoa ematen zaiela gehien behar dutenei. Kilo bat janari salbatzen dugun bakoitzean, ingurumen-inpaktua murrizten ari gara, baita familia askoren itxaropena elikatzen ere. 🌍💙