Gipuzkoako Elikagaien Bankua eta Donostia Zinemaldia: jasangarritasuna eta elkartasuna, luzez jantzita alfonbra gorrian

Donostia Zinemaldiak berriro erakutsi du jasangarritasunarekin eta gehien behar dutenekin duen konpromisoa, eta aurten ere harridura piztu du alfonbra gorri enblematikoa kausa solidario batekin uztartuta.

Aurten, % 100 material birziklatu eta birziklagarriekin eginiko alfonbra gorria, 1.840 m² hartzen dituena, ez da izango zinema-izarren ibiltoki hutsa; ekitaldiaren ondotik, mila poltsa berrerabilgarri egingo dituzte Elikagaien Bankuko onuradunentzat.

Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Emaús Gizarte Fundazioak eta Sin Desperdicio elkarteak bultzatua da, eta, Zinemaldiak ekonomia zirkularrarekin duen konpromisoa sendotzeaz gainera, soluzio burutsu bat eskaintzen du, jaialdian erabilitako baliabideak gehien behar dutenen eskura jartzeko. Gure elkartearentzat, lankidetza honek ez du esan nahi dohaintza material bat bakarrik, baizik eta indartu egiten du elikadura babesteko gure eginkizuna, baita baliabideak ahalik eta modu efizienteenean aprobetxatzeko xedea ere.

 

Gizarte- eta ingurumen-inpaktu positiboa duen alfonbra gorria

Jasangarritasuneko foru-diputatu José Ignacio Asensioren ustean, proiektu honek argi eta garbi erakusten du ekitaldi handiek ere modu efektiboan txerta dezaketela jasangarritasuna: “Alfonbra gorria Gipuzkoako Elikagaien Bankuarentzako poltsak egiteko baliatzeak erakusten du jasangarritasunak inpaktu erreala eta positiboa izan dezakeela gizartean”.

Gure presidente Belén Méndez de Vigok ekimen honen garrantzia nabarmendu du, eta, ildo horretan, hauxe baieztatu du: “Oso eskerturik gaude proiektu honek gure lanari eskainitako ikusgarritasunagatik eta babesagatik. Jasoko ditugun poltsa birziklatuek ez dituzte eramango elikagaiak bakarrik, baizik eta mezu bat ere bai: hau da, bateragarriak direla jasangarritasuna eta elkartasuna”.

Donostia, 2024ko irailaren 20a