Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Hiritar Merezimenduaren 2025eko Domina jaso du

El Banco de Alimentos de Gipuzkoa recibe la Medalla al Mérito Ciudadano 2025

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Hiritar Merezimenduaren 2025eko Domina jaso du. Donostiako Udalak ematen ditu aitortza horiek, eta, bere esanean, haien xedea da hiriari aparteko zerbitzuak eskaini dizkioten pertsonak eta erakundeak aintzatestea.

Errekonozimendu honek energiaz eta ilusioz betetzen gaitu, eta gure eguneroko lana inoiz baino beharrezkoagoa egiten den une batean iritsi zaigu. Dakizuenez, 1997az geroztik, Gipuzkoako Elikagaien Bankuan etengabe ari gara lanean pertsona behartsuenen elikadura-premiei erantzuteko, elikagaiak alferrik ez galtzeko eta Gipuzkoako gizartean elkartasuna sustatzeko. Sari hau gure eginkizuna babesten duten boluntario, laguntzaile eta erakunde guztien ahaleginaren isla da, eta adoretu egiten gaitu gure lana ahalik eta konpromiso handienarekin egiten jarraitzera.

Ohore handia da aitortza hau beste erakunde eta pertsona batzuekin partekatzea, kontuan izanik guztiek ere, bakoitzak bere esparruan, gure hiriaren ongizateari laguntzen diotela:

  • Mestiza elkartea, gure inguruneko kultura-aniztasuna islatzen duten proiektu artistikoak eta soziokulturalak sustatzen egindako lanagatik.
  • Contxu Uzkudun, Minimil euskal moda enpresaren sortzailea, zeina erreferentzia baita emakumeen eskubideak eta autonomia defendatzen.
  • Iñaki Almandoz, Askatuak Klubeko presidentea, Gipuzkoako saskibaloia garatzeko duen konpromisoagatik.
  • Radio San Sebastián, mendeurrena ospatzen ari den hiriko lehen irrati gisa.

Sari hau, zalantzarik gabe, aintzatespen kolektibo bat da. Eskerrik asko gure lanean konfiantza duzuen guztioi. Konpromiso eta dedikazio berarekin jarraituko dugu lanean, Gipuzkoan ez dadin inortxo ere geratu platerean janaririk gabe.