Hasi da 2024ko Elikagai Bilketa Handia, eta Konporta Kirol Elkarteak tokiko enbaxadore gisa bat egin du gurekin!
Hasi da 2024ko Elikagai Bilketa Handia, eta Konporta Kirol Elkarteak tokiko enbaxadore gisa bat egin du gurekin!
Abian da 2024ko Elikagai Bilketa Handia! Urtero bezala, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bat egin du estatuko elkartasun kanpaina honekin, helburu nagusi bat hartuta: gure inguruan inork goserik ez pasatzea. Oraingo honetan, oso enbaxadore berezi bat elkartu zaigu: Konporta Kirol Elkartea. Izan ere, bete-betean bat egin du gure kausarekin, eta gure instalazioak bisitatu ditu, bertatik bertara ezagutzeko egiten dugun lana.
Komunitatean inplikatutako taldea
Konporta Kirol Elkarteak ederki asko irudikatzen du gure lurraldearen berezitasuna: elkartasun eta ahalegin kolektiboaren espiritua. Kanpaina honetan, tokiko enbaxadore gisa izena emanda baino gehiago parte hartuko du; izan ere, benetakoa eta gertukoa da haien konpromisoa, eta irrika biziz daude komunitate osoa laguntzera animatzeko. Hasiera-hasieratik erakutsi digute laguntzeko gogoa eta parte hartzeko grina, gehien behar duten pertsonek bizitza hobea izan dezaten.
Estatuko kanpaina, tokiko babesarekin
Gipuzkoan, Konporta Kirol Elkartearen tankerako klub eta erakundeen babesak zera gogorarazten digu, elkarrekin lan egiten dugunean, egundoko alde sor dezakegula. Baina egiteko hori ez da Richard Oribe, Nahia Zudaire, Iñigo Llopis eta halako izen handien lana bakarrik, baizik eta pertsona guzti-guztien ekarpenak kontatzen du. Dela elikagai-dohaintza txiki batekin, dela ordu batzuk boluntario-lanetan emanda.
Nola hartu dezakezu parte?
Erraza da! Bilketa Handiaren egunetan, elikagai ez galkorrak eman ditzakezu horretarako gaitutako lekuetan, edo boluntario gisa ere lan egin dezakezu, kanpainaren logistikan laguntzeko. Aurreko urteetan ere parte hartu baduzu, eskerrik asko berriro laguntzeagatik! Eta zure lehen aldia bada, berriz, ziurtatzen dizugu poz-pozik utziko zaituela esperientzia honek.
Konporta Kirol Elkartearen eta beste zenbait erakunde eta kluben konpromisoari esker, eta, batez ere, zu bezalako herritar solidarioen laguntzarekin, Gipuzkoa bidezkoago bat eraikitzen jarrai dezakegu. Inor atzean geratuko ez den lurralde bat.
Animatu parte hartzera, eta lor dezagun Bilketa Handi honek sekulako arrakasta izatea!