Gipuzkoako Elikagaien Bankuak onuradunen errolda egin du

onuradunen errolda /censo de beneficiarios

Benetan behar dutenengana iristeko gure konpromisoan oinarriturik, Gipuzkoako Elikagaien Bankuan proiektu garrantzitsu bati ekin diogu: gure lankide diren 180 gizarte-erakundeetako onuradunen errolda eguneratzea eta egitea.

Gaur egun, zenbatesten dugu 18.000 lagun inguruk jasotzen dituztela oinarri-oinarrizko elikagaiak eta produktuak gure sare solidarioaren bidez. Alabaina, eskura dugun informazioa ez dago beti eguneratuta. Kontuan harturik, batetik, baliabide falta eta, bestetik, erakundeek lehentasuna ematen diotela pertsonak artatzeari —administrazio-izapideen gainetik—, eskura ditugun datuek baliteke egungo errealitatea ez islatzea zehatz-mehatz.

 

Zergatik da garrantzitsua errolda?

Juanjo Amunarriz Gipuzkoako Elikagaien Bankuko Gizarte Erakundeen arloko koordinatzaileak adierazi duenez, “datu fidagarriak izateari esker, laguntza gehiago eman ahalko dugu, eta modu eraginkorragoan”.

Ahalegin horrek Elikagaien Bankuari ez ezik gizarte-erakundeei ere egiten die mesede; izan ere, hobeto bideratu ahal izango dituzte baliabideak, eta ziurtatuko dute, orobat, laguntza iritsiko dela gehien behar dutenengana. Gainera, berriki txanpon-txartelak ezarri ondotik, errolda horrek detektatu egingo du nor ari den geratzen banaketatik kanpo eta soluzioak bilatzen lagunduko du, familia bakar bat ere ez dadin geratu beharrezko laguntzarik gabe.

Gipuzkoako gizarteak, hain solidarioa izaki, merezi du are eraginkorragoak izatea laguntzak banatzean, eta merezi du, orobat, eskura ditugun baliabideak optimizatzea, behar dutenengana irits daitezen.

Solidaridad Gipuzkoa

Prozesu konplexua baina beharrezkoa

Errolda hori egiteko, lau boluntarioz osatutako talde bat eratu dugu, Gizarte Erakundeen arloko arduradun batek koordinatuta. Haien lana da erakunde, udal eta are onuradunekin harremanetan jartzea, eta, ondoren, informazioa biltzea eta eskura dituzten datuak baliozkotzea.

Prozesua ez da samurra, erakunde bakoitzak bere funtzionamendua eta baliabideak baititu. Udalek sistema antolatuagoak dituzte, nahiz eta batzuetan burokratikoagoak izan. Beste erakunde batzuek —hala nola parrokiek edo elkarte txikiek—, ordea, gerta liteke ez izatea tresna informatikorik erregistro horiek kudeatzeko.

Taldeka ari gara lanean, eta egokitu egiten gara erakunde bakoitzaren ezaugarrietara eta bolumenera egokituta, errolda osaturik eduki dezagun 2025aren amaieran. Eta buru-belarri ari gara, era berean, epe luzera baliagarria izango den etengabeko eguneratze-metodo bat ezartzen.

 

Beste urrats bat laguntza eraginkorragoa eskaintzeko

Errolda hau beste adibide bat da, erakusten duena zer-nolako konpromisoa dugun gardentasunarekin eta eraginkortasunarekin, Gipuzkoan elikagai-laguntzak kudeatzeari loturik. Ekinean jarraitzen dugu ahalegin guzti-guztiak lagungarri izan daitezen, eta gure gizartearen elkartasuna ahalik eta inpaktu handienarekin iritsiko dela ziurtatzen dugu.

 

Voluntarios-Gipuzkoa.jpg

 

Eskerrik asko erronka hau posible egiten duzuen guztioi!